Langabezia nabarmen murriztu da irailean eta 31 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin
Herriko langabezia tasa udaberrian neurtu zenaren pare dago; bizpahiru langaberen gora behera izan zen apiriletik ekainera eta maila berean dago egun, %6aren bueltan. Beste era batera esanda, uda beteko bi hilabeteetan izan den joera negatiboa irauli ez ezik, uztailean eta abuztuan metatu den adina gutxitu da azken hilabetean langabe kopurua gurean. Une honetan 326 langabe daude Oñatin, abuztuan baino 31 gutxiago, SEPEk emandako datuen arabera. Langabezia tasari erreparatuta, urteko hirugarren hiruhilekoa udaberri akaberako mailan amaitu da, baina azken hiru hilabeteen bataz bestekoa urteko handiena izan da, uztaila eta abuztuko igoerengatik.
Langabeen kopuruak bereizten ditugun adin tarte guztietan gutxitu bada ere, aldea, 25 eta 44 urte artekoetan eta gizonezkoen artean gertatu da, bereziki. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, egun baino 20 langabe gehiago zeuden eta langabezia tasa heren bat handiagoa zen.
Iraila enplegurako hilabete ona izan ohi da Oñatin, Gabonetako kanpainara begira kontratazioak ugaldu egiten direlako udako oporren bueltan, eta hala berretsi da aurten ere. Aipagarria da gainera, 2023koa azken urteetako iraila oparoena izan dela, 31 langabe gutxiago zenbatu direlako. Iraila ez ezik udazkena, orokorrean, kontratazio garaia izan ohi da gurean. Ikusi egin beharko da urrian eta azaroan zer gertatzen den.
Ikusmira zabalduta, Debagoienan gutxitu egin da langabeen kopurua eta Antzuolan eta Bergaran izan ezik, eskualdeko gainontzeko herrietan abuztuan baino langabe gutxiago daude egun. Hego Euskal Herrian ere 1.800 langabe gutxiago eta 9.000 afiliatu gehiago zenbatu dira. Udan galdutakoa errekuperatzen ari da lan merkatua, eta sektore guztietan jaitsi da langabeen kopurua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!