Langabezia murriztu egin da azaroan gurean, ohikoa denez
Azaroak ohiko joera erakutsi du aurten ere gurean eta aurreko hilabetean baino langabe gutxiago zenbatu dira. Hala ere, jaitsiera ez da handia izan, lau langabe gutxiago zenbatu dira. Azaro amaieran Lanbiden erregistratuta zeuden oñatiarrak 331 ziren, 132 gizon eta 199 emakume. Horrek adierazten digu nagusiki gizonezkoen artean murriztu dela langabe kopurua azken hilabetean. Adinari erreparatuta berriz, 25 urtez azpikoetan eta 45 urtetik gorakoen artean apaldu da langabezia azaroan zehar. Une honetan Oñatiko langabezia tasa % 6,11 da.
Orain urtebete ere langabeziak behera egin zuen azaroan, gurean ohiko joera baita, lehen esan bezala. Hala ere, orain baino 7 langabe gutxiago zeuden 2022ko azaroan: 324, hain zuzen. Orduan gainera, langabe zeuden gizon eta emakumeen arteko aldea txikiagoa zen, parekatuagoa zen.
Debagoienera begiratuta langabe gutxiago zenbatu dira baita ere azken hilabetean, orokorrean, nahiz eta ez den berdin gertatu herri guztietan; Oñatin bezala langabe gutxiago erregistratu dira Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan eta aldiz, gehiago, Antzuolan, Aretxabaletan eta Elgetan. Enplegu zerbitzutik jaso ditugun azken datuen arabera Debagoienean 2.314 langabe daude.
Hego Euskal Herrian errepikatu egin da aipatzen ari garen beheranzko joera hori eta urrian baino 1.333 langabe gutxiago zenbatu dira. Afiliatuen kopuruak ere gora egin du azaroan, ohikoa denez, eta 2.270 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan. Arrazoia, Eguberri eta urte amaierako kanpainara begira kontratazio gehiago egiten direla, nagusiki, zerbitzuen sektorean. Baina epe laburreko kontratuak izaten dira eta urtarrilean kotizatzaile kopurua murrizten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!