Langabezia kasik bere horretan mantendu da Oñatin, langabe bat gehiago zenbatu da
Apenas aldatu dira langabezia datu orokorrak azken hilabete honetan gurean; 306 langabe zenbatu dira, urrian baino 1 gehiago. Ondorioz, langabezia tasa 2 ehunenekotan hazi da eta % 5,63 da une honetan. Baina langabeen adina eta sexuari erreparatuta, aipagarria da, 25 urtez azpikoetan gutxitu dela langabe kopurua eta gehitu egin dela, bai 25-44 urte artekoen eta 45etik gorakoen artean; gizon langabeen kopurua ere handitu egin da eta emakumeena pitin bat murriztu.
Baina urriko datuekiko aldeak oso txikiak dira kasu guztietan, esan bezala. Aldea nabarmenagoa da iazko azaroarekin konparatzen badugu, 331 langabe zeudelako herrian eta tasa, %6,11 zelako, egungoa baino ia puntu erdi handiagoa.
Horrelakoetan, datu konkretuari erreparatzea baino joera begiratzea izan ohi da egokiena, eta udazkenean, udaberrian gertatu bezala, langabeziak beheranzko joerari eusten diola esan genezake, are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoko datu orokorrek ere hori baieztatzen digutenean. Oñatiko langabezia tasa %6aren azpitik mantentzen da, sendo, eta muga horretatik behera mantendu den zazpigarren hilabetea izan da azaroa.
Debagoienera begiratuta, orokorrean, gehitu egin da langabe kopurua eskualdean, eta Oñatin bezala, Arrasaten eta Bergaran ere urrian baino langabe gehiago zenbatu direla. Gipuzkoan, aldiz, bestelakoa izan da zenbaketa eta 169 langabe gutxiago zenbatu dira. Bizkaian eta Araban ere apaldu egin da langabezia azken hilabetean, Nafarroan berriz, gehitu egin da. Baina azaroa hilabete ona izan ohi da enplegurako Hego Euskal Herria, Eguberrietako kanpainen harira. Gizarte Segurantzako afiliazio datuek ere marka berria jarri dute eta azaroan, 1.335.519 afiliatu daude Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!