Langabezia, beheranzko joerari eutsiz, laugarren hilabetez jarraian murriztu egin da gurean.
Adinkako joera hori, gizon nahiz emakumeen artean eman da. Datua gehiago xehatuz, azken hilabete honetan Oñatin, maiatzean baino 23 langabetu gutxiago zenbatu badira, 13, 25 urtez azpikoen adin taldean izan dira eta 20, 25 eta 44 urte bitartekoen taldean. Txanponaren bestaldean, 45 urtez gorakoen langabe kopuruak gora egin du eta maiatzean baino 10 gehiago kontabilizatu dira gurean.
Orokorrean, Oñatiko 444 langabetu daude Lanbide enplegu zerbitzuan izena emanda. Alegia, herriko populazio aktiboaren % 8,46a.
Langabeziaren beranzko joera pittinka bada ere, sendotuz doa. Ekainean, laugarren hilabetez jarraian murriztu da Oñatin langabezia tasa. Aipagarria da hori bai, ekainean, normalean, langabeziak behera egiten duela gurean eta joera hori, gora behera txikiekin baina, udako hilabeteetan mantentzen dela, oporrak tarteko, aldikako kontratuak egiten baitira.
Azken urteetako datuekin konparatuta berriz, 2013a bereziki urte zaila izan da Oñatin enpleguari dagokionean. Otsailean esaterako, ehuneko 10aren gainetik joan zen langabezia tasa, baina urte osoan zehar ehuneko 9 eta erdiren inguruan ibili zen. Pasa den hilean jada, tasa hori ehuneko 9tik behera jaitsi zen aspaldiko partez eta ekainean joera konfirmatu da. Eskuartean ditugun azken datuek 2012ko udaberriko mailara garamatzate.
Oñatin bezala, Debagoienean eta Hego Euskal Herrian langabeziak behera egin du azken hilabetean.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!