Oñatiko udala

Langabeak kontratatzen dituzten enpresentzat udal dirulaguntzak

2024/04/11
Card image cap
Eskaerak azaroaren 29ra arte egin daitezke

  Udalaren laguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresak izango dira. 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era arte egiten diren kontratu berrietarako eskatu daitezke laguntzak. Beti ere, kontratuek gutxienez 6 hilabeteko iraupena badute eta lanaldi erdikoak badira.

  Kontratazioak enplegu sorrera garbia ekarri behar du berarekin. Hori egiaztatzeko sei hilabete lehenago enpresak zuen langile kopurua begiratuko du udalak. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik, eta langabezian eta Lanbiden izena emanda egon behar du eta ez du ahaidetasunik izan behar ez enpresa-jabearekin edota zuzendaritzarekin.

  Jardunaldi osorako egiten diren kontratu mugagabe bakoitzeko 1.300 euroko dirulaguntza emango du Udalak. Laguntza 1.000 eurora jaitsiko da, sei hilabeteko iraupena duten lan jardun osoko baina aldi baterako kontratuengatik. 300 euro gehigarri izango dira, ordea, kontratatutako pertsona emakumea bada. Era berean, laguntza % 30 handitu daiteke kontratatzen den pertsona Lanbideren irizpideen arabera, kolektibo bereziren batekoa bada. Langabetuak kontratatzeko dirulaguntzek 3.500 euroko muga dute, enpresa eta deialdiko.

  Eskaerak azaroaren 29a bitartean egin daitezke. Halako zortzi eskaera jaso ziren iaz udaletxean eta guztiak onartu ziren. Aurten zenbat izango diren aurreratzerik ez dago baina 20.000 euro gorde dira laguntza hauetarako. Langabetuak kontratatzeko udalak ematen dituen dirulaguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete (943 003 198).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!