Oñatiko udala

Langabe kopuruak gora egin du Oñatin, ohiko joera apurtuta

2024/04/09
Card image cap
352 langabe zenbatu ziren martxo amaieran, otsailean baino 19 gehiago

  Langabezia nabarmen handitu da azken hilabetean Oñatin, 19 langabe gehiago zenbatuta. Datuak gainera atentzioa ematen du, normalean, beheranzko joera markatu ohi duelako martxoak gurean, eta eskualdera begiratuta ere, Oñati da Debagoiena osoan, otsailean baino langabe gehiago zenbatu duen herri bakarra. Baina datuek hori azaltzen dute, aurreko hilabetean baino 19 langabe gehiagorekin amaitu zela martxoa eta gehikuntza hori adin talde guztietan eta emakume zein gizonezkoen artean eman zela. Xehetasunetara joanda, ordea, bereziki 45 urtetik gorakoen artean eta emakumeen artean gertatu da igoerarik handiena. Ondorioz, une honetan Oñatiko langabezia tasa % 6,48 da, iazko goren maila markatu zuen abuztu akaberaz geroztik erregistratu den tasarik altuena.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriz, are eta nabarmenagoa da igoera, 2023ko martxo akaberan, 313 langabe zeudelako Oñatin, aurten baino 39 gutxiago eta langabezia tasa %5,77 zen.

  Debagoiena orokorrean hartuta, joera oso bestelakoa izan da, esan bezala, Oñatin izan ezik, gainontzeko herrietan otsailean baino langabe gutxiago zenbatu direlako, 31 gutxiago, hain zuzen ere. Ikuspegia zabalduz, Gipuzkoan eta, oro har, EAEn ere gora egin du langabeziak martxoan, behera berriz, Nafarroan. Hala ere, Hego Euskal Herrian afiliatuen kopurua hazi egin da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!