Langabe kopuruak gora egin du abuztuan Oñatin
Ez da harritzekoa abuztuko langabeziak gora egitea, Oñatin ohikoa da. Batzuetan abuztuan ez ezik uztailean ere gehitu egiten da langabeen kopurua gurean, nahiz eta aurten ez den hala gertatu, uztailean bi langabe gutxiago erregistratu zirelako, abuztuan, ordea, 25 gehiago. Une honetan, 338 herritar lan gabe daude eta langabezia tasa % 6,22 da, apiriletik % 6aren azpitik egon den arren.
Oñatin bezala Gipuzkoa eta Hego Euskal Herri mailan ere ohiko joera da uztailean eta abuztuan langabezia handitzea, hezkuntza eta aisialdi arloan egiten diren kontratu asko bi hilabete horietan iraungitzen direlako. Eta aipagarria da, era berean, langabeziak bereziki emakumeen artean egiten duela gora. Oñatin ere hala gertatu da, erregistratu diren 25 langabe berri horietako 22 emakumeak baitira. Horrek, lan gabe dauden emakume eta gizonen aldea hiru puntu handitu azken hilabetean eta lan bila dauden 100 oñatiarretik 63 emakume dira. Orain urtebete, aldea txikiagoa zen, 42 gizon eta 57 emakume.
Adinari erreparatuta, langabezia 44 urte artekoen artean gehitu da gurean eta, aldiz, 45 urtetik gorakoen artean murriztu egin da. Kasu honetan ere aipatzekoa da, 25 eta 44 urte artekoen artean aspaldiko langabe kopuru handiena erregistratu dela abuztuan, 148 lagun, eta 45 urtetik gorakoen artean, berriz, 2022tik ikusten ez genuen kopuru txikiena, 171 herritar.
Orain urtebeteko datuekin konparatuta, ordea, egoera hobea da egun; 2023ko abuztuan 357 langabe erregistratu ziren Oñatin, aurten baino 19 gehiago eta langabezia tasa % 6,59 zen, egungoa baino puntu laurden handiagoa.
Debagoienera begira jarrita, Oñatin bezala, gora egin du langabeen kopuruak bailarako herri guztietan eta 116 lagun gehiago erregistratu dira azken hilabetean, eskualdeko langabezia tasa % 8,14an kokatuz, urtarrilean erregistratu zen maila berean, urteko tasa altuena errepikatuz. Gipuzkoan ere beste horrenbeste gertatu da eta urtean zehar sortzen joan den enplegua abuztuan galdu da. Hego Euskal Herri mailan langabezia handitu egin da, baita ere, eta abuztu bukaeran 140.770 langabe erregistratuta zeuden, eta tasa Oñati eta Debagoienakoa baino handiagoa zen, %9,76, hain zuzen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!