Oñatiko udala

"Laneko osasuna eskubidea izan behar da! lemapean elkarretaratzea egin da Autlan enpresa aurrealdean

2022/04/28
Card image cap
Lan osasunaren nazioarteko eguna da gaur

  Garai bateko CEGASAn, egun Autlan den enpresan manganesoarekin eta azido sulfurikoarekin lanean hamarkadetan aritu direla eta horrek langileengan eragin dituen osasun arazoak ikertu eta kalte berririk sortu ez daitezen prebentzio neurri eraginkorrak eskatzeko, elkarretaratzea egin da AUTLAN EMD enpresa aurrealdean, LAB sindikatuak deituta. Bi sustantzia toxiko horiek baimendutako gehieneko estandarrak gainditzen dituztela dio LABek gaurko elkarretaratzea iragarriz zabaldu duen oharrean; 2017an jakinarazi zieten enpresako prebentzio ordezkariek egindako neurketen eta jasotako emaitzen berri. Ordutik prebentzio neurriak eskatu dituzten arren, halakoak asko atzeratu direla salatzen du sindikatuak, gogoratuaz, 2018an lan ikuskaritzan salaketa formala jarri zutela.

  Hodei azidoek arnasbideetan minbizia eragiten dutela eta manganesoak nerbio sistemari eragiten diola dio LAB sindikatuak gaurko elkarretaratzearen harira zabaldutako oharrean. Hala ere, 2021a arte ez ei zen neurketa orokorrik egin enpresan. Neurketa horien arabera jakin zuten lantegiko zonalde ia guztietan manganeso eta azido kontzentrazioak daudela, 34 pertsona sustantzia toxiko horien eraginpean egon direla salatzen du LAB sindikatuak. Aurten berriz, 5 langileri arnasbideetako patologien lan jatorria aitortu zaiela ere aipatzen du idatziak.

  Enpresako zuzendaritzari sei eskaera egin dizkio sindikatuak mobilizazio honen bitartez: arrisku-maila murrizteko neurri kolektiboak hartzea, babes gabe lana egin zuten langile guztiei proba medikuak egitea, egungo neurrien segurtasuna ikertzea, kimikoen aurkako maskarek sortutako baldintza berriak aztertzea, gaixo dauden langileek lanpostuen egokitzapena egitea, eta langile hauei irteera pizgarriak ematea.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!