Oñatiko udala

Landa-bideak hormigoitzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2024/11/27
Card image cap
Materiala erosi eta garraiatzeko laguntza ematen die Udalak partikularrei

  Udalak, landa-bideak asfaltatu eta hormigoitzeko ahalegin handia egin duen arren, badira oraindik, hormigoitu gabeko baserri nahiz lehentasunezko nekazaritza ustialekuetarako landa-bideak. Hutsune hori osatzeko aurten ere landa-bideak hormigoitzeko dirulaguntzak ematea erabaki da. 10.000 euroko partida dago.

  Dirulaguntza hauek, hormigoitu gabeko bideak egin eta hobetzeko inbertsioa egiten duten partikularrek jaso ahal izango dituzte. Beti ere, materialen erosketa eta garraio gastuetarako bada, alegia, eskulanaren kostua ez da diruz lagunduko. Halaber, aipatutako jarduketarekin lotutako proiektu-idazketa gastuak eta obra-zuzendaritzako ordainsariak ere diruz lagunduko dira.

  Eskatzaileak Oñatiko bizilagun eta herriko landa auzoetako baserri baten jabe dela egiaztatu beharko du eta konpondu asmo den bidearen titulartasuna publikoa dela. Titulartasun pribatuko sarbideak finantzatuko dira baldin eta bidearen jabetza udalari lagatzen bazaio eta honek espresuki onartzen badu. Udalak emango dituen dirulaguntza hauek beste herri administrazio edo erakundek emandakoekin bateragarriak izango dira.

  Dirulaguntzak emateko bi irizpide nagusi zehaztu dira: baserriaren nekazaritza jarduera batetik eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia bestetik. Puntuaziorik altuena, animaliak izan eta herri gunetik urrunen dauden baserrietarako bideak konpontzeak jasoko du.

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean landa-bideak hormigoitzeko dirulaguntza hauen iragarkia astelehenean argitaratu zen, eskaerak egiteko epea irekiz. 30 laneguneko epea dago dirulaguntza hauek eskatzeko, hau da, 2025eko urtarrilaren 9ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!