Landa bideak hormigoitzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Udalak, landa bideak asfaltatu eta hormigoitzeko ahalegin handia egin duen arren, badira oraindik, hormigoitu gabeko baserri nahiz lehentasunezko nekazaritza ustialekuetarako landa bideak. Hutsune hori osatzeko landa bideak hormigoitzeko dirulaguntzak ematen ditu udalak. Helburu horrekin 30.000 euroko partida gorde da aurten.
Dirulaguntza hauek, hormigoitu gabeko bideak egin eta hobetzeko inbertsioa egiten duten partikularrek jaso ahal izango dituzte. Beti ere, materialen erosketa eta garraio gastuetarako bada, alegia, eskulanaren kostua ez da diruz lagunduko. Halaber, aipatutako jarduketarekin lotutako proiektu-idazketa gastuak eta obra-zuzendaritzako ordainsariak ere diruz lagunduko dira.
Eskatzaileak Oñatiko bizilagun eta herriko landa auzoetako baserri baten jabe dela egiaztatu beharko du eta konpondu asmo den bidearen titulartasuna publikoa dela. Titulartasun pribatuko sarbideak finantzatuko dira baldin eta bidearen jabetza udalari lagatzen bazaio eta honek espresuki onartzen badu. Udalak emango dituen dirulaguntza hauek beste herri administrazio edo erakundek emandakoekin bateragarriak izango dira.
Dirulaguntzak emateko bi irizpide nagusi zehaztu dira: baserriaren nekazaritza jarduera batetik eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia bestetik. Puntuaziorik altuena, animaliak izan eta herri gunetik urrunen dauden baserrietarako bideak konpontzeak jasoko du.
Pasa den asteazkenean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean landa bideak hormigoitzeko dirulaguntza hauen iragarkia. Hala, eskaerak dagoeneko aurkeztu daitezke udal bulegoetan. 30 laneguneko epea dago dirulaguntza hauek eskatzeko, azken eguna, ekainaren 1a izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!