Landa bideak hormigoitzeko egin diren hiru eskaerak onartu eta diruz lagunduko ditu Udalak
Landa bideak asfaltatu edo hormigoitzeko material erosi eta garraiatzeko laguntza ematen die Udalak partikularrei. Aurten udal bulegoetan jaso diren hiru eskaerek aurrekontu orokorra aurkeztu dute, materiala eskuratu eta garraiorako gastua berezitu gabe. Horregatik kalkulua Ebaluazio batzordeak egin du, merkatuko prezioak oinarri hartuta. Funtsean, 130 €/m3 prezioa ezarri da hormigoiarentzat eta 15€/Tn todo uno harrobiko materialarentzat. Ondoren, dirulaguntzen oinarrietan jasota dauden bi irizpide nagusiak aplikatu dira: baserriaren nekazaritza jarduera, batetik, eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia, bestetik. Hiru eskaerek puntuazio berbera lortu dute. Baina eskaera guztiak %100ean laguntzeko dagoena baino diru gehiago beharko litzatekeenez, proportzioan banatzea erabaki da, 30.000 euroko partida agortu arte.
Onartu berri den dirulaguntzaren erdia ordainduko da orain eta gainontzekoa, obra gauzatu eta ordainagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da. Lanak, urte amaiera baino lehen egin beharko dira.
Udalaren dirulaguntzaz hormigoitu asmo diren baserri bideak ez daude jabetza publikoa dutenen inbentarioan jasota. Laguntzen oinarri arautzaileetan aurreikusita dago aipatu kasua eta bide jabetza Udalari utzi beharko zaio eta honek espresuki onartu beharko du, herriaren interesean oinarrituta.
Udalak 2014an arautu zituen lehen aldiz, landa bideak hormigoitzeko dirulaguntzak; hasieran, baserrietarako bideak bakarrik hartu ziren, baina 2017an lehentasunezko nekazaritza ustialekuetarako bideak hormigoitzeko laguntzak ere ematea onartu zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!