Lanbide heziketa arautuan aurre-matrikula epea ireki da gaur
Aurre-matrikula betetzeko bi bide daude: on-line edo ikastetxean bertan. On-line egiteko Hezkuntza Sailaren web atarian sartu behar da. Bestela, ikastetxera joanda zuzenean bete daiteke aurre-matrikula eta behar diren agiriak aurkeztu. Gaur ireki den aurre-matrikula epea maiatzaren 24ra arte luzatuko da.
Oñatiko lanbide heziketa eskaintza zabala da eta oinarrizko lanbide heziketa eta erdi eta goi mailako zikloak biltzen ditu. DBH titulurik ez duten gazteei zuzenduta Administrazioko Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen da Larrañako ikastetxean, DBH amaituta berriz, erdi mailako hiru heziketa zikloren artean aukeratu daiteke Larraña ikastetxean bertan: mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa. Ikastetxe berean egokitzapen fisikoko goi mailako zikloa ere ikasi daiteke aurreko kurtso honetatik. Gainera. Enpresagintza fakultatean, Oñati Gestio Heziketan ere goi mailako hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen dira: Administrazioa eta kudeaketa eta Merkataritza eta marketina.
Hori Oñatin, Debagoiena mailan lanbide heziketa eskaintza ere oso zabala, aberatsa eta anitza da, arlo ugari biltzen baititu. Eskualdeko eskaintza osoa www.fpdebagoienalh.com atarian ikusgai dago. Lanbide heziketaren inguruko informazio zuzena nahi duenak Larraña institutura edota Enpresagintza fakultatera jo dezakete. Bietan aurre-matrikula epea zabalik dute maiatzaren 24ra arte. Larraña institutuan gainera, ate ireki jarduna antolatu dute, maiatzaren 15erako. 18:00etan hasiko da eta aurrez izena ematea eskatzen da.
Lanbide heziketaren bidean jarraitzeko zalantzan daudenei aurre-matrikula betetzea gomendatzen zaie; eskaera betetzeak ez du ezertara behartzen baina plazak berehala betetzen diren zikloetan matrikulatzeko beharrezkoa da.
Indarrean den kurtsoa amaituta eta DBH edo batxilergoko notak eskutan, matrikula betetzeko epea irekiko da uztailean, 11tik 15era.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!