Lanak amaituta, Aozaraza kalean aparkatzeari buruz, bilera egingo da auzotarrekin.
Aozaraza kaleko bizilagun batek idatzia igorri dio udalari, esanez, kalea oinezkoentzako egokitzea ondo iritzi arren, auzotarrek autoarekin bertara sartzeko eskubidea izan behar luketela. Aukera hori bizilagun guztiei ematea eskatzen da eta ez soilik kalean garajea dutenei. Gaiari buruzko informazioa jasotzeko udal ordezkariekin bilera egitea eskatu du auzotar honek.
Gaia, pasa den asteko tokiko gobernu batzarrean aztertu zen. Aozaratza kalean egokitutako aparkalekurik ez dagoen arren, orain arte kotxe ugari aparkatu izan direla ikusi da. Horrek, bi ondorio nagusi eragin ditu: kalearen erabilera mugatua batetik, oinezkoen espazioa okupatzen baita, eta dauden garajeetarako sartu-irtenak oztopatzea, bestetik.
Arazoa ikusita, Aozaratza kalea eraberritzeko proiektuan kalearen sarreran oztopo zutoina jartzea aurre ikusi zen. Neurri honekin, kalea autoz betetzea ekidin nahi da eta garajeen erabilera egokia bermatu. Oñatin, gaur egun ere oinezkoek lehentasuna dute beste zenbait kale badaude: Kale Barria, Kale Zaharra eta Atzeko Kalea, eta, orokorrean, bizilagunek ez daukate kotxez bertara sartzeko aukerarik.
Udal gobernu taldearen aipatutako hausnarketa eginik ere, auzotarrekin bildu eta gaia eztabaidatzeko arazorik ez du. Eta hala erabaki zen pasa den asteko bileran. Aozaraza kaleko bizilagunekin bilera egingo da. Eguna oraindik zehazteke dago baina datorren astean edo izan liteke.
Mikel Aozaratza kalean jarraituz eta bertan egiten ari diren berrurbanizazio-lanak aprobetxatuz, luminariak aldatuko dira. Egun kalean dauden sodiozko lurrunezko 150 watioko 14 luminarien ordez LED erako 51 watioko beste horrenbeste luminari jarriko dira. Horietako 8 fatxadetan jarriko dira eta beste seiak, bost metro altuerako zutoinetan. Argindar-koadroan ere egokitze lan bat egingo da urrutiko kontrola jartzeko. Kuadroan, argiteria erregulatzeko sistema adimenduna jarriko da.
Kaleko argiteriaren aldaketa honekin, indarrean dagoen araudira egokituko da eta ia %60ko energia aurrezpena lortuko da. Argiteria aldatzeko lanok, 27 mila euroko aurrekontua dute.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!