Oñatiko udala

Kulturaren aldeko ospakizun bihurtu zen larunbateko aldarrikapen eta protesta eguna

2019/03/25
Card image cap
Zuzeneko 12 emanaldien muga bertan behera utziko dela zabalduta, pozik baina adi jarraitzeko mezua luzatu zuten kultur sortzaileek

  Kulturaren kontrako erasorik ez! pankarta atzealdean herriko hainbat sortzaile eta kultura kontsumitzaile elkartu ziren larunbat eguerdian plazan. ARTEAK IREKI plataformaren deiari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak lantzen diharduen dekretuaren kontra protesta egitea zen asmoa, zuzeneko emanaldi kulturalak mugatzea helburu duen dekretuaren kontra azaltzea. Baina hasieran jarri nahi zen muga horretan atzera egitekotan direla jakinik, aldarrikapena ospakizun bihurtu zela adierazi zuen manifestua irakurri zuen bozeramaleak. Izan ere, aurreko egunetan zabaldu baitzen, dekretuak jartzen zuen 12 kontzertuko muga hori bertan behera uztekotan direla. Neurria, egindako presioari zor zaiola adierazi zuen Iker Martinez bozeramaleak, eta pozik egonagatik adi jarraitu behar dela erantsi zuen.

  Dekretu-asmo honek hartuko duen bideari jarraipena egiteko konpromisoz, herriko sortzaileek beraien lana erakutsi zuten. Hala kontzertua izan zen Pako tabernan eta bertso saioa Gaztetxean, VIII.Txinparta Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa.

  Oñatin bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko beste hainbat eta hainbat herritan ere kultura eta taberna eta ostalaritza lokaletan zuzeneko emanaldiak programatzearen aldeko ekintzak egin ziren larunbatean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!