Oñatiko udala

Korpus dantzarien itxurako bi erraldoi ertain sortuko dira

2023/06/07
Card image cap
Xabier Mendizabali eta Joanes Diezi egin zaie enkargua

  Aurtengo aurrekontuetan jasota dago gaztetxoen buruhandi eta erraldoi korpartsa sortzeko lehen urratsak ematea. Gaztelekuko Kuboko erabiltzaileekin gaia landu da, maiatzean zehar, eta bi erraldoi ertain sortzea erabaki da. Oñati erraz identifikatuko luketen erraldoiak irudikatzea zen helburua eta korpus dantzarien aukera nagusitu da, hainbat proposamenen artean. Eta horixe da Xabier Mendizabal eta Joanes Diez artistei egin zaien enkargua, korpus dantzarien itxurako bi erraldoi ertain sortzea.

  Xabier Mendizabal oñatiarrak ofizioa ezagutzen du, Sebastian erraldoia sortu zuelako, txikitatik duen afizioari jarraituz. Herriko lau erraldoiak ere zaharberritu zituen neguan; egurrezko estruktura berriak egin zizkieten, besoak gorputzera finkatu eta eskuak desmuntatzeko moduan jarri eta buruen eta eskuen jatorrizko polikromia berreskuratzen saiatu ziren, zenbait elementu berri eranstearekin batera.

  Korpus dantzarien itxurako bi erraldoi ertainak San Migel jaietarako egiten saiatuko dira, baina tarte txikia dago eta iritsiko ote diren ikusi behar. Izan ere, kontratua Xabier Mendizabal Vitorianorekin egin du Udalak baina aurreko zaharberritze lanetan alboan izan duen Joanes Diez artisaua ere laguntzaile izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!