Kontratazio mahaia gaur bildu da Eltziako taberna ustiatzeko eskaintzen hobekuntza aldagaiak baloratzeko
Hiru enpresa aurkeztu dira Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko lizitaziora. Hiru proposamenak ekaina amaieran aztertu ziren eta lehen eskaintza horiek hobetzeko aukera eman zien Kontratazio mahaiak. Hobekuntza bi arlotan egin zitekeen: ordutegiari dagokionean eta prezio edo hileko errentari dagokionean. Aldagai horiek gaur aztertu eta baloratu behar zituen Kontratazio mahaiak. Asmoa, bilera berean, gobernu taldeari esleipen proposamen bat helaraztea da. Bi aste barru egingo da uztaileko Osoko Bilkura eta okerrik ezean, Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko kontratua orduan esleituko da.
Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urterako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Zerbitzua, astelehenetik ostiralera, arratsaldez, eta larunbatetan goiz eta arratsaldez irekitzen dela ziurtatu nahi du udalak eta horregatik, gutxienez bete beharreko ordutegia finkatu zuen lizitazio baldintzetan. Baina ordutegi hori hobetzeko aukera eman zaie prozesuan parte hartzen duten enpresa ordezkariei.
Eltziak herriko elkarte eta talde asko hartzen ditu bere baitan eta erabiltzaileei ez ezik, bertara bisitan hurbiltzen diren herritarrei ere, taberna-kafetegi zerbitzua eskaini nahi zaie lehenbailehen. Gauzak ondo, zerbitzua, irailerako martxan izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!