Oñatiko udala

Kobazuloen XIII. eguna ospatuko du Lurpea elkarteak datorren asteburuan

2023/03/16
Card image cap
Errealitate birtuala erabiliz bisita irisgarriak egiteko aukera eskainiko da Arrikrutzen, martxoaren 25etik aurrera

  Lurpea elkartea osatzen duten Euskal Herriko zortzi kobazuloek bisita promozio bereziak eta sariak prestatu dituzte martxoaren 25 eta 26rako. Kobek balio historiko eta natural garrantzitsua dute eta ondare geologiko-paleontologiko hori ezagutaraztea da Kobazuloen egunaren helburua, Lekunberrin gaur egin den aurkezpenean azaldu denez; sarrerak erdi prezioan egongo dira Kobazuloen egunean, eta asteburuan Lurpea elkarteko kobak bisitatzen dituztenen artean hainbat sari zozkatuko dira: Lekunberriko Ayestaran hotelen gaua eta gosaria, kobazulo guztietara sartzeko hamar bono eta produktu saski bat.

  Arrikutzeko koban ere sarrera erdi prezioan egongo da martxoaren 26an. Bezperan, berriz, Espeleotxiki bisita berezia egin ahal izango dute heldu batek lagundutako 6 urtetik gorako haurrek. Familientza egokitutako ibilbide espeleoturistikoa egiteko aukera izango da, ohiko pasabidea utzi eta kobazuloa bere egoera naturalean ezagutzeko bidea emanez. Bi ordu eta erdiko iraupena duen Espeleotxiki bisitan parte hartzeko eta baita asteburuan izango diren gainontzeko bisitetan parte hartzeko ere, izena aurrez eman behar da.

  Martxoren 25etik aurrera bestalde, Arrikrutzeko koba beste era batera ezagutzeko aukera eskainiko da, errealitate birtuala teknologia erabiliz bisita irisgarriak egin ahal izango baitira. Kobara fisikoki sartzeko zailtasuna dutenei Arrikrutz ezagutzeko aukera emango zaie errealitate birtuala teknologia erabiliz eta 360 gradutako ikusmena erraztuz. Arrikrutzeko 53. galeria ez ezik, Marcel Loubens galeria eta Aldaola errekako ikuspegi osoa izateko xehetasun handia eskaintzen duen materiala prestatu da eta datorren larunbatetik aurrera bisitarien eskura jarriko da.

  Lurpea elkartea Euskal Herriko zortzi kobek osatzen dute: Arrikrutz-Oñatiko kobak; Ekainberrik; Isturitz-Oxozelhaya kobak, Astizko Mendukilo kobak, Pozalaguako kobak, Sarako leizeak, Zugarramurdiko Sorginen kobak eta Urdazubiko leizeak. Guztietan, ekintza bereziak egin ahal izango dira martxoko azken asteburuan Kobazuloen XIII. eguna ospatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!