Oñatiko udala

Klima eta Energiarako Alkateen Itunera atxikitzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran

2024/01/25
Card image cap
Garagaltza, Zañartu eta Uribarriko auzo-alkate berriak izendatzeko proposamenak ere egingo dira

  Klima eta Energiarako Alkateen Ituna ez da berria Oñatiko udalean, 2010eko abenduan jada Alkateen Ituna sinatu baitzen. Orduan, 2020. urtea jarri zen jomugan eta CO2 emisioak gutxienez %20 murriztu, energia eraginkortasuna %20 hobetu eta energia eskariaren %20 energia berriztagarrien bidez betetzea jarri zen helburu gisa. 2021eko uztailean planaren azken ebaluazioa aurkeztu eta Europar Batasuneko web atarian argitaratu zen. Orain, anbizio eta irismen handiagoko edukiz osatu da Klima eta Energiarako Alkateen Ituna eta 2030era begira, berotegi efektuko gasen emisioak gutxienez %40 murriztea jarri da helburu moduan. Oñatiko Udala Itunera batu eta bertan zehazten direnak betetzeko konpromisoa hartzea proposatuko da gaurko bileran.

  Garagaltza, Zañartu eta Uribarriko auzo-alkate berriak izendatzeko proposamena ere egingo zaie udalbatzako kideei. Auzo bakoitzak zehaztuta dauka auzo-alkatea aukeratzeko prozesua eta hauen agintaldi epea; izendatutakoen berri Udalari ematen zaio, hauek direlako, auzoa eta udalaren arteko bitartekari nagusiak. Borja Moyua Yarza, Garagaltzan, Rafael Arabaolaza Biain, Zañartun eta Argoitz Arregi Uzuriaga Uribarrin auzo alkate izendatzea proposatuko da.

  Hezkuntza departamentuak herriko ikastetxeei eta bertan diharduten Guraso elkarteei zuzenduta ematen dituen dirulaguntzen 2024ko deialdia egitea ere proposatuko da. Era berean, gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen oinarriak eta 2024ko deialdia onartzea ere eskatuko da.

  18:30etan hasiko da urteko lehen Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du, ohikoa duenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!