Kiroldegiko uretako jarduera gidatu, sorospen eta igeriketa ikastaroen zerbitzua kontratatzeko prozedura abiatu du Udalak

2022ko urte amaieran Athlon Sintagmia enpresarekin sinatu zuen Udalak puntura arte indarrean izan den kontratua. Bi urteko iraupena zuen, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Baina tartean, 2023ko uztailean, kirol instalazioetan diharduten langileen hitzarmen berria onartu zen eta horrek kiroldegian dihardutenen lan baldintzak eta soldata hobetzen dituela kontutan hartuta, Udalak ez du aipatu kontratua luzatu nahi izan, enpresa esleipendunaren oniritziarekin. Baina zerbitzua eman-eman behar du eta hiru hilabeterako esleipen arin bat abiatu du, esleipen berri eta luzeago bat egiten duen bitartean. Izan ere, igerilekua zabaltzeko soroslea ezinbestekoa da eta Oñatin, gainera, ur jarduerek eskaera handia dute, urtean bataz beste, 75.000 erabilera baino gehiago kontabilizatzen baitute.
Zubikoa kiroldegian uretako jarduera gidatu, sorospen eta igeriketa ikastaroen zerbitzua kontratatzeko oinarriak azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ziren, esleipenerako prozesua martxan jarriz. Udalak sorosle eta monitore lanetarako gehienezko prezioa zehaztu du deialdian: sorosle lanak 31 euro orduko ordainduko lituzke eta uretako fitness jarduera eta igeriketa monitore lanak berriz, 33 euro orduko, biei BEZa gehituta. 65.273 euroko aurrekontua zehaztu da kontraturako, titularitate publikoko kirol instalazioetarako hitzarmen kolektiboak zehazten duen konpentsazioa barne hartuta. Izan ere, langileen subrogazioa aurreikusten baita esleipen berrian, hau da, egungo langileen jarraipena.
Interesa duten enpresek martxoaren 24ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Esleipen irizpideetan txosten teknikoak izango du pisurik handiena, % 51a, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak; zerbitzu koordinatzailearen formakuntza eta esperientzia; zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko sistemak; formakuntza planak, jarduera protokoloak eta zerbitzuaren koordinazio lanak kontutan hartuko dira. Eskaintza ekonomikoak beste %49a balioko du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!