Kiroldegiko taberna-kafetegia kudeatzeko proposamenak irailaren 25era arte aurkeztu daitezke
Aspaldi iraungi zen Zubikoa kiroldegiko taberna-kafetegiaren kudeaketarako azken kontratua. Lizitazio berrirako baldintza plegoa onartu zen udako oporren aurreko azken gobernu batzarrean eta iragarkia abuztu amaieran argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari ofizialean, proposamenak aurkezteko epea irekiz.
Zubikoa kiroldegiko taberna-kafetegia ustiatzeko lizitazioaren aurrekontua 85.155 eurotan finkatu da. Hileko gutxieneko errenta berriz, 200 euro (+ BEZ) izango da, baina prezio hori gorantz hobetu dezakete lizitatzaileek eta horren araberako puntuazioa jasoko dute esleipenerako balorazioan. Proposamen ekonomikoaz gain, lanerako txostena edo plangintza ere aurkeztu beharko dute taberna ustiatzeko interesa dutenek. Memoria hori ere baloratuko da eta zerbitzuaren antolaketa, garbiketa-plangintza, komunikazioa, langile taldearen gaitasuna eta lan esperientzia edota ekipamendu eta altzarietan hobekuntzak egiteko proposamenak bereziki kontutan hartuko dira, lehen aipatutako eskaintza ekonomikoarekin batera. Esleipendunaren lanbide esperientzia eta ordutegian eta egutegian hobekuntzak egitea ere baloratuko da.
Kiroldegiko taberna kafetegiaren kudeaketa bi urtetarako eman asmo du Udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.
Irailaren 25ean amaituko da proposamenak aurkezteko epea. Zubikoa kiroldegiko taberna kudeatu eta ustiatzeko zerbitzuaren inguruko xehetasunak udalaren web atariko kontratatzailearen profila atalean ikus daitezke. Informazio gehigarria eskuratzeko, zalantzak edo kontsultak argitzeko, irailaren 15era arteko epea zehaztu da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!