Oñatiko udala

Kiroldegiko kantxa urdinerako sarbidea eta estalkia berritzeko lanak esleitzeko prozesua abian du Udalak

2024/04/23
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 13an amaituko da

  Bi lan egin asmo ditu Udalak Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean: sarbide berria prestatu eta estalkia berritu, dituen txintxinak konpontzeko.

  Egun kantxa urdineko harmailara sartzeko tabernatik joan behar da. Horrek bidea baldintzatzen du, tabernaren ordutegiaren arabera pasa daitekeelako, edo ez. Itxitura banaketa berria proiektatu da, erabileraren araberako sarbide ezberdinak sortzeko. Taberna eta kantxa urdineko atondoaren artean beirazko itxitura berria sortzea aurreikusten da eta hala bi espazioak berezituko dira. Ondorioz, tabernaren egungo itxitura aldatuko da eta beste ate bat irekiko da. Tabernak eta kantxa urdinak sarbide berezitua izango dute. Kirol guneko gainerako gunetarako sarbidea kontrolatuta egon dadin beste itxitura bat jarriko da aipatu atondoaren eta eraikinaren beheko solairura jaisten diren eskaileren artean. Bestalde, komunaurre bat sortuko da, orain tabernaren barruan dauden komunak bereizteko, eta tabernatik nahiz kantxa urdinetik joanda sartu ahal izango da komunetara.

  Era berean, kantxa urdineko estalkia berrituko da. Egungo estalkia ura pilatu eta barrualdera sartzen dela ikusi da. Balda berriak egokituko dira eta hustubide kopurua handituko da. Lurraren kontra dagoen horma garbitu eta iragazgaitzeko lanak ere egingo dira. Bizi-lerroak eta katu-eskailerak jarriko dira. bestalde, estalkien artean.

  Krean kooperatibari eskatu zion Udalak kantxa urdinerako sarbide berria eta estalkia berritzeko proiektua eta horren arabera egingo dira lanak. Ia 580 mila euroko aurrekontua dute, BEZa barne eta lau hilabeteko epean egitea aurreikusten da. Lana egiteko interesa duten enpresek maiatzaren 13ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Kontu egin beharko dute, eskaintza ekonomikoa erabakigarria izango dela kontratuaren esleipenean, balorazioan %75aren pisua izango baitu. Berme epea luzatzeak 10 puntu lortzeko bidea emango du eta beste 15, obra gauzatzeko memoria teknikoak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!