Kiroldegiko kantxa urdinerako sarbidea eta estalkia berritzeko lanak esleitu dira
Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean bi lan egin behar dira: sarbide berria prestatu eta estalkia berritu, dituen txintxinak konpontzeko. Horregatik, aroztegia metalikoan, isolamenduan eta bestelako berritze lanetan diharduten hiru enpresek bat egin dute Udalak deitutako esleipenera presentatzeko. UTE Oñati Bizkaiko hiru enpresa espezializatuk propio sortu duten enpresa elkartea da.
Zubikoako kantxa urdineko harmailara sartzeko tabernatik joan behar da egun. Tabernaren ordutegiaren arabera pasa daiteke edo ez. Muga hori ezabatzeko itxitura banaketa berria proiektatu da eta taberna eta kantxarako sarbideak berezitu egingo dira, atondoan beirazko itxitura berria sortuz. Ondorioz, tabernaren egungo itxitura aldatuko da eta beste ate bat irekiko da. Gainera, kirol guneko gainerako guneetarako sarbidea kontrolatuta egon dadin beste itxitura bat jarriko da aipatu atondoaren eta eraikinaren beheko solairura jaisten diren eskaileren artean. Bestalde, komun-aurre bat sortuko da, orain tabernaren barruan dauden komunak bereizteko, eta tabernatik nahiz kantxa urdinetik joanda sartu ahal izango da komunetara.
Era berean, kantxa urdineko estalkia berrituko da. Egungo estalkia ura pilatu eta barrualdera sartzen dela ikusi da. Balda berriak egokituko dira eta hustubide kopurua handituko da. Lurraren kontra dagoen horma garbitu eta iragazgaitzeko lanak ere egingo dira. Bizi-lerroak eta katu-eskailerak jarriko dira. bestalde, estalkien artean.
Lan hauek egiteko esleipen prozesura hiru proposamen aurkeztu ziren eta UTE Oñatiren eskaintza nabarmendu da, bereziki, osatu duen txosten teknikoari esker. Puntuaziorik altuena lortuta lana Impermeabilizaciones y aislamientos térmicos del Norte SL, Carpintería metálica Draga SL eta “bras y reformas CEMAN SLk osatutako enpresen elkarteari esleitu zaio, 407.252 eurotan, Udalak zehaztutako gehienezko prezioa ia 72.000 eurotan merkatuta.
Udaleko eta enpresa esleipendunaren ordezkarien arteko lehen bilera egin da eta lanak uztaila amaierarako hastea aurreikusten da. Abuztua aprobetxatzeko eskaera ere egin da Udaletik, kantxa hutsik izango baita. Zubikoa kiroldegiko kantxa urdineko estalkia eta sarbide berriak egokitzeko lanak lau hilabeteko epean egin beharko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!