Oñatiko udala

Kiroldegiko hainbat instalazio itxita daude asteburuko ekintzetarako garbi mantentzearren

2023/05/26
Card image cap
Zubikoako garbitzaileen %90a greban dago, ELA sindikatuaren arabera

  Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzan greba deitu zuen ELA sindikatuak, maiatzaren 22tik 28ra. Herriko hainbat enpresa eta bulegotan hasi dira grebaren eraginak antzematen, eta instalazioak ohi baino zikinago ikusten dira. Beste batzuetan, berriz, prebentzio neurriak hartu dituzte, Zubikoa kiroldegian kasu. Gipuzkoako jubenil mailako gizonezkoen eskubaloi txapelketa jokatuko da bihar Zubikoan eta kantxa berdeko aldagelak eta komunak itxita daude, instalazioak garbi mantentzeko. Domekako hauteskundeetako hainbat mahai kantxa urdinean jarriko direnez, instalazio horiek ere itxita daude. Badaezpadako neurri horiek hartu dira aurrez programatuta zeuden ekintzak ziurtatu ahal izateko.

  Zubikoako garbitzaileen %90a greban dagoela adierazi du ELA sindikatuak. Babes zabal horri keinu egin zitzaion asteazkenean egin zen manifestazioan; Natra paretik abiatu eta plazan amaitu zen manifestazioa, kiroldegi parean geldialdia egin eta gero.

  Greban dauden Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek lan hitzarmen berria eskatzen dute. 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe eta tarte horretan erosmen ahalmenaren % 15 galdu dutela salatzen dute. Feminizatutako sektorea dela eta kale garbiketan diharduten enpresekiko, langile gehienak gizonezkoak dituzten enpresekiko, soldata arrakala % 40raino iristen dela salatzen dute. Langileen erosteko ahalmena bermatu eta prekarietatearekin amaituko duen hitzarmena eskatzen dute. ELAk deitu duen astebeteko greba igandean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!