Kiroldegiko energia sorrera eta kontsumoan eragingo duten bi lan egiteko kontratuak sinatu berri dira
Udal instalazioen energia kontsumoa murrizteko egitasmoaren baitan kokatu behar dira sinatu berri diren bi lan kontratuak. Zubikoa kiroldegiko teilatuan sarera konektatutako autokontsumorako eguzki planta fotovoltaikoa egingo da. 125.12 kwp-ko potentziadun instalaziorako materiala hornitu eta obra gauzatzeko prozesura 16 enpresa aurkeztu ziren baina lauk ez zituzten Udalak eskatutako oinarriak betetzen. Onartutako 12 eskaintzak baloratuta, ARTICO INGURUMENA S.L. enpresarena lehenetsi da; aurrekontua, berme-aldia luzatzea eta mantenu eta saldu ondorengo zerbitzua baloratu dira. Udalaren aurrekontua 41.000 eurotan merkatuta, lanak 82.000 eurotan eta hiru hilabeteko epean egingo dira.
Aldi berean, Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean eta pilotalekuan argiteria aldatu eta LED teknologiako lanparak jarriko dira. Kantxa urdina 140 argi estanko fluoreszentez argitzen da, egun, eta pilotalekua berriz, metalezko halogenurozko 42 argirekin. Ondorioz, bi instalazio horien energia kontsumoa oso handia da. Argiak LED teknologiagatik aldatuta, energia-eraginkortasuna hobetu, kontsumoa eta kostua murriztu eta CO2 isurketak gutxituko dira.
Argiztapen materiala eta LED teknologiako lanparak hornitu eta instalatzeko lanak kontratatu berri dira, Cuadra elektrizitatea enpresarekin.Bost eskaintza aurkeztu ziren esleipen prozesura baina hiru baztertu ziren, ez zituztelako oinarriak betetzen. Beste bien artean Electricidad Cuadrarenak jaso zuen puntuaziorik altuena. Udalak zehaztutako aurrekontua 24.000 eurotan hobetu da eta lanak 109.349 eurotan egingo dira. Udalak jarritako 14 astetako epea ere hobetu da eta 9 astetan egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!