Kiroldegian bi administrari laguntzaile plaza bete nahi ditu Udalak
2022 eta 2023ko enplegu publikoaren eskaintzaren baitan jaso zituen Udalak bi administrari laguntzaile plaza betetzeko oinarriak. Deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu berri da, hautaketa prozesura aurkezteko epea irekiz. Uztailaren 22a da izena emateko azken eguna.
Zubikoa kiroldegian arituko diren bi administrari laguntzaile hauen plazak oposizio sistemaz beteko da, hau da, azterketaldia gainditu beharko da eta ez da bestelako meriturik eskatu edo baloratuko. Plazetako bat irekia izango da eta bestea gutxienez %33ko desgaitasun maila duten hautagaiei gordetakoa da.
Hautaketa prozesu honetara aurkezteko DBH, oinarrizko lanbide heziketa titulua edo parekoa izatea eta euskarari dagokionean, 2. hizkuntza eskakizunaren maila izatea eskatzen du Udalak. Langile hauen zereginak izango dira, besteak beste: kiroldegiko zerbitzu eta jardueretan abonuak egin eta izen-emateei buruzko informazioa eta kudeaketa; errklamazioak, kexak eta iradokizunak kudeatzea; web-orriaren bidez egindako eskaerak kudeatzea; sarrera eta irteeren kontrola; abonatuen altak, bajak edota aldaketak kudeatzea; erreserbei erantzun eta instalazioen esleitzea; kirol txartelak aktibatu eta emititzea edota kiroldegian gordetzen diren zabor ontzien banaketa kudeatu eta antolatzea.
Bi administrari laguntzaile plaza hauek oposizio sistemaz beteko dira, esan bezala, eta hautagaiek, deialdiarekin batera argitaratu den gaitegian oinarritutako azterketa teoriko eta praktikoak gainditu beharko dituzte, eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek euskarazko ariketa ere bai, eta azkena, gaitasun eta nortasun probak izango dira.
Kiroldegian bete asmo diren bi administrari laguntzaile plaza hauen inguruko argibideak udaleko web atarian ikusi daitezke, hautaketa prozesuak atalean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!