Oñatiko udala

Kirol elkarte eta taldeen artean 14.600 euro banatuko dira, urteko jarduna eta ekintzak antolatzeko

2024/06/27
Card image cap
Herriko futbol txapelketak udalaren dirulaguntza jasoko du
14 eskaera jaso dira eta guztiak diruz babestuko ditu Udalak

  Udaleko Kirol departamentuak bi laguntza lerro ditu: kirola sustatzeko antolatzen diren ekintzetarako kirol elkarteei zuzendutakoa, batetik, eta ohiz kanpoko jarduerako ematen direnak, bestetik.

  Urteko kirol jardunari aurre egiteko dirulaguntza emango zaie Antxintxiketan-Orientazio eskolari eta Andarto taldeari. 2.500 euro bideratuko da laguntza lerro honetara aurten. Ugariagoak dira ez ohiko jardueretarako laguntza eskatu eta izango duten elkarte eta taldeak. Hala, udalaren babes ekonomikoa izango dute Antxintxiketan kirol elkarteak San Silbestre lasterketa antolatzeko eta Eraun Torreauzo auzo elkarteak domekan egin zen Torreauzoko kroserako; herriko pilota txapelketak eta futbol txapelketak; Oñatiko mendi martxak, Pago Uso elkarteak, Andarto taldeak, Gabonetako futbito eta saskibaloi txapelketetako antolatzaileek eta Txantxiku arkulariak taldeak. Azken honek hiru jardueratarako laguntza eskatu eta eskuratuko du. 10 elkarte hauen artean 12.000 euro pasa banatuko dira.

  Oñatin egiten diren kirol arloko jardun eta ekintzak ez dira aipatu talde eta elkarteek antolatutakoetara mugatzen; Aloñako igoera edo Kantoikrit proba ere aipatu daitezke. Horiek babesteko banakako hitzarmenak izenpetzen ditu Udalak, Aloña Mendi kirol elkartearekin egiten duen bezala.

  Kirol elkarte eta taldeei zuzendutako dirulaguntzak onartu berri dira. Orain, laguntzaren % 60 ordainduko da eta egitasmoa burutu ondoren, jardueraren memoria eta likidazio ekonomikoa aurkeztu ondoren, gainontzeko % 40a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!