Kirol begiraleen aldi baterako kontrataziorako onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak argitaratu dira
Uda kanpainari aurre egin ahal izateko hainbat kirol begirale kontratatuko ditu udalak. Izena 28 lagunek eman dute eta 17 onartu dira. Hori behin behineko zerrendaren arabera. Onartu diren gehienak zerbitzu orokorreko beharretarako dira eta bost berriz, zerbitzu orokorretan aritzeko edota eskalada edo patinaje ikastaroak emateko ere onartu dira. Bi kasu hauetan aurrez esperientzia egiaztatua izatea eskatzen baitzen. Eta hain zuzen ere, zerbitzu espezifikoan eskatzen den esperientzia ez egiaztatzeagatik, zerbitzu orokorretarako beharrezkoa den formazioa ez egiaztatzeagatik, nortasun agiria edo aurten lehen aldiz eskatzen zen sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ez aurkezteagatik hautaketa prozesutik kanpo utzi dira oraingoz 11 lagun. Izena ematerakoan presentatu ez zuten dokumentazio hori osatu edo erreklamazioak aurkezteko maiatzaren 22ra arteko epea dago.
Uda kanpainan begirale izateko onartu eta baztertuen behin behineko zerrendarekin batera, onartu direnen puntuazioa ere argitaratu da, zerbitzu orokorretan, eskaladan edo patinajean arituko direnak berezituta. Horiekiko zuzenketaren bat egin nahi duenak ere, maiatzaren 22ra arteko epea du erreklamazio orria udal bulegoetan aurkezteko.
Uda kanpaina prestatzeko bestalde, hautatutako begiraleekin bilera egingo da ekainaren 19an. Saio horretara joatea derrigorrezkoa izango da baina bertaratzea ezinezkoa dutenek aurrez jakinarazi behar dute. Jakinarazpen hori egiteko azken eguna maiatzaren 25a izango dela zehazten da guztiaren berri ematen duen alkate dekretuan. Zerrendak, puntuazioak eta bestelako oharrak ikusgai daude udaletxeko iragarki taulan eta web atarian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!