Kirol arloko udal dirulaguntzen deialdia argitaratu da
Udaleko Kirol departamentuak bi dirulaguntza lerro ditu: herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko antolatzen dituzten ekintzetarako 2.500 euroko partida izango du batetik, eta ohikoak ez diren kirol jardueretarako beste 12.680 euro. Herriko elkarteek kirola sustatzeko eta kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko dirulaguntza hauek eskatzeko hilabeteko epea dute, apirilaren 13ra arte.
2017ko otsailean Osoko Bilkuran onartutako oinarri arautzaileak indarrean daude. Horren arabera, kirola sustatu edo ohiz kanpoko kirol jarduerak antolatzeko udal dirulaguntza hauek, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten talde eta partikularrek eskatu ditzakete, egoitza Oñatin badute edota bailaran izanik, gutxienez, kirolarien % 15a Oñatikoak badira edo Oñatin erroldatuta badaude.
Kirola sustatzeko dirulaguntzak banatzerakoan, taldearen federatu kopurua, kiroldegiko bazkide kopurua, sustapen jardueren antolaketan udal kirol zerbitzuei laguntzea, eskola kirolean lagundu eta parte hartzea, genero berdintasuna eta beste finantzazio bide batzuk lortzeko ahalegina egin izana kontutan hartuko dira. Jasoko den dirulaguntza mugatua da, gehienera, 1.500 euro eskuratu ahal izango dira.
Udaleko Kirol departamentuak duen bigarren dirulaguntza lerroa, ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko da. Kasu honetan jasotzen diren eskaerak baloratzeko 9 kontzeptu hartu ohi dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari egiten dion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea.
Eskaerak eta dokumentazio osagarria telematikoki aurkeztu behar dira, udal erregistroan. Hartarako hilabeteko epea eman da eta apirilaren 13an amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!