Kanposantuko nitxoen gunea itxi egingo da datorren astean, astelehenetik igandera
Hilerriko 2. luzapeneko 3. faseko lanen eremuan dauden nitxoetako itxitura-plakak aldatuko dira datorren astean. Amiantoa duten fibrozementuzko plakak kendu eta hormigoi polimerozkoak jarriko dira 1.385 nitxotako itxituretan. Amiantoa material arriskutsua da osasunarentzat eta manipulazio protokolo berezia eskatzen du. Horregatik, plakak ordezkatzeko lanak egiten diren bitartean kanposantuko nitxoen gunea itxita mantenduko da.
Azken egun hauetan hilerrian ibili denak prestaketa lanak hasita daudela ikusiko zuen. Plaka zaharrak kendu eta berriak jartzeko materiala bertan pilatu delako. Baina lanak astelehenean hasiko dituzte eta, ondorioz, kanposantuko ezkerreko aldea urtarrilaren 27an itxi egingo da eta hala mantenduko da otsailaren 2ra arte. Astebeteko epea zehazten duen ohartarazpena jarri da hilerrian, nitxoen ixte plakak ordezkatzeko lanak astebetean egitea aurreikusten baita. Baina luzatu daitekeela kontutan hartu behar da, datorren astean kanposantuko alde horretan ehorzketaren bat egiten bada, segurtasun tarte bat gorde beharko delako berriro lanean hasteko.
Nitxoetako itxitura plaken aldaketak ez du inolako kosturik izango jabeentzat. Estetikoki ere aldaketa egin denik ez da antzemango, ordezkatuko diren tapak ezkutuan geratzen direlako. KUBER enpresa espezializatuak egingo du fibrozementuzko plakak kendu eta amiantoa kudeatzeko lana, 30.562 eurotan. Hauen ordez jarriko diren hormigoi polimerozko tapa berriak, berriz, Ulma Hormigon Polimero kooperatibari erosi dizkio Udalak, 24.640 eurotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!