Kanposantuko ia 1.400 nitxotako itxitura-plakak aldatu egingo dira
Hilerriko 2. luzapeneko 3. faseko lanen eremuan dauden nitxoetako itxitura-plakak aldatzea erabaki du gobernu taldeak. Fibrozementuzko plakak dira eta amiantoa ez duten beste material bateko estalkiez ordezkatuko dira. Guztira, 1.385 nitxotako plakak desmuntatu eta aldatuko dira.
Amiantoa material arriskutsua da osasunarentzat eta manipulazio protokolo berezia eskatzen du, baita kendu eta hondakinak kudeatzerakoan ere, baimendutako zabortegietara eraman behar direlako. Segurtasun neurri egokiak beteaz aipatu tapak desmuntatu, kendu eta garraiatzeaz arduratuko den enpresa kontratatu du Udalak baina lanak ez dira berehalakoan egingo, fibrozementuzko itxitura plaken ordezkoak eskuratu behar direlako, amiantozkoak kendu eta berria jartzeko lanak aldi berean egin ahal izateko. Itxitura plaka berriak eskuratzeko lizitazio prozesua aste honetan bertan abiarazi asmo du udaleko Zerbitzuetako arduradunak. Bitartean, nitxoen jabeei bidaliko zaizkien jakinarazpenak prestatuko dira.
Nitxoetako itxitura plaken aldaketak ez du inolako kosturik izango jabeentzat. Estetikoki ere aldaketa egin denik ez dute antzemango, ordezkatuko den tapa ezkutuan geratzen delako. Baina senitartekoen hilobi-nitxoak manipulatzea gai delikatua izan daitekeela jakinik, argibide-gutunak prestatu eta bidaliko zaizkie titularrei.
Fibrozementuzko plaka kendu eta kudeatzeko zerbitzua arloan diharduten enpresa ezberdinei aurrekontuak eskatuz bideratu da. Prozesuan parte hartzera gonbidatu ziren hiru enpresetako bik proposamena aurkeztu zuten eta lizitazio-irizpidea ekonomikoa zenez, eskaintza merkeena egin duen KUBER enpresari esleitu zaio lana, 30.562 eurotan. Amiantodun tapak kenduta, berriak, udal brigadako langileek jarriko dituzte. Lanak, negu-hasieran egitea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!