Oñatiko udala

Kanposantu inguruko zaintza areagotu du udaltzaingoak

2024/10/29
Card image cap
Herribusa hilerrira hurbilduko da ostiralean

  Herritar asko dira urriko azken egunok aprobetxatuz kanposantura hurbildu eta familia hilobiak garbitu eta txukuntzen ari direnak, ostiralean Domu Santu eguna izango dela eta. Ez dira, ordea, herritarrak soilik hurbiltzen eta lapurretak gertatu ohi dira. Horregatik, hilerri inguruaren zaintza areagotu du udaltzaingoak. Lapurreta salaketarik ez da jaso oraindik baina arretaz ibiltzea gomendatzen da, urteroko moduan.

  Loreak eramatera edo hilobiak garbitzeko produktuekin kargatuta joan ohi dira asko hilerrira. Eta autoak behar bezala itxi gabe uzten ditu zenbaitek. Bueltan ez ustekoak jasotzen dira eta lapurtu egin dietenaz ohartzen dira. Garbitze lanetan kontzentratuta egonik, poltsak inguruan baina zaintza gabe ere uzten dira, lapurrei hartzeko erraztasunak emanez. Poltsak eta baliozko gauzak zaindu daitezen aholkatuz ohartarazpenak jarriko ditu gaur udaltzaingoak kanposantu inguruan. Zaintza ere areagotu dute eta udaltzainak, autoan, hilerrira bueltaka dabiltza azken egunotan.

  Sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten kotxeak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta agirian dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko.

  Bestalde, Herribusa kanposanturaino iritsiko da ostiralean. Arantzazura domeka eta jaiegunetan izaten den autobus zerbitzuak neguko ordutegia estreinatuko du, hain zuzen ere, azaroaren 1ean. Eta Domu Santu egunean Herribusa kanposantura hurbilduko da, Arantzazura doala, hau da, herri gunetik gora abiatzen diren zerbitzuetan.

  Oñati eta Arantzazu arteko autobusaren neguko ordutegia indarrean sartuko da ostiralean eta zerbitzua lehenago amaituko da. Arantzazura joateko azken autobusa 17:30tan irtengo da eta Arantzazutik jaisteko berriz, 18:00tan. Udako ordutegian ordubete beranduago izan dira azken zerbitzuak. Goizeko lehenen irteerak bere horretan mantenduko dira, 7:30tan herri gunean eta 8:00tan Arantzazun. Neguko ordutegia martxoko azken domekara arte luzatuko da Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!