Oñatiko udala

Kanposantu inguruko zaintza areagotu du udaltzaingoak

2023/10/31
Card image cap
Herribusa kanposantura sartuko da bihar

  Herritar asko dira asteburua eta urriko azken egunok aprobetxatuz kanposantura hurbildu eta familia hilobiak garbitu eta txukuntzen ari direnak, bihar Domu Santu eguna izango dela eta. Ez dira ordea herritarrak soilik hurbiltzen eta lapurreta salaketak gehitu egin ohi dira. Horregatik, kanposantu inguruaren zaintza areagotu du udaltzaingoak. Lapurreta salaketarik ez da jaso oraindik baina arretaz ibiltzea gomendatzen da, urteroko moduan.

  Loreak eramatera edo hilobiak garbitzeko produktuekin kargatuta joan ohi dira asko hilerrira. Eta autoak behar bezala itxi gabe uzten ditu zenbaitek. Bueltan ez ustekoak jasotzen dira eta lapurtu egin dietenaz ohartzen dira. Garbitze lanetan kontzentratuta egonik, poltsak inguruan baina zaintza gabe ere uzten dira, lapurrei hartzeko erraztasunak emanez. Poltsak eta baliozko gauzak zaindu daitezen aholkatuz ohartarazpenak jarri ditu udaltzaingoak kanposantu inguruan. Zaintza ere areagotu dute eta udaltzainak, autoan, kanposantura bueltaka dabiltza azken egunotan.

  Sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten kotxeak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta agirian dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko.

  Bestalde, Herribusa kanposanturaino iritsiko da bihar. Arantzazura domeka eta jaiegunetan izaten den autobus zerbitzua beteko du Herribusak eta Arantzazula doala kanposantura hurbilduko da bihar. Hau da, herri gunetik gora abiatzen diren zerbitzuak hilerri parean geratuko dira.

  Baina Oñati eta Arantzazu arteko autobusak neguko ordutegia beteko du bihartik aurrera eta zerbitzua lehenago amaituko da. Arantzazura joateko azken autobusa 17:30tan irtengo da eta Arantzazutik jaisteko berriz, 18:00tan. Udako ordutegian ordubete beranduago izaten da azken autobusa. Bihar indarrean sartuko den neguko ordutegia martxoko azken domekara arte luzatuko da Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!