Oñatiko udala

Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia eremuko irisgarritasun plana gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2023/02/16
Card image cap
SSI taldearekin lankidetza hitzarmena eta Eltzia tabernarako material erosketa ere aztergai dira

  Kale Zaharra-Otadui Zuhaiztia eremuko irisgarritasun plana egiteko kontratu proposamenaren gaia azpimarratzekoa da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan. Kale Zaharra-Otadui zuhaiztia izenarekin mugatu den eremua irisgarritasun neurrietara egokitzeko, egin beharko liratekeen lanen alderdi teknikoa zein ekonomikoa bilduko dituen plan orokor bat izatearen egokitasuna ikusi da, aurrez Errekalden, San Lorentzon edota Olakuan egin bezala. Irisgarritasun azterketa espezifiko bat egitea da asmoa, irisgarritasun aldetik nahiz arkitektonikoki proposatzen diren hobekuntzak lortzeko esku-hartzeak zehaztuz eta faseka planifikatuz, unean uneko aurrekontuaren arabera, lanak modu bidegarri eta errealistan burutzeko. Kale Zaharra-Otadui Zuhaiztia eremuko irisgarritasun plana egiteko aurrekontua eskatu zitzaien arloan diharduten hiru enpresei eta eskaintza ekonomikoa eta lana egiteko epea baloratuta, A2B arquitectos kontratatzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Lanak, 15.125 eurotan eta 21 asteko epean egitea eskaini du.

  Mentsad prestakuntza programa Oñatin emateko SSI taldearekin lankidetza hitzarmena sinatzea ere proposatuko da arratsaldeko batzarrean. Hitzarmenak 2024ko abenduaren 31ra arteko iraunaldia luke baina lau urteko mugarekin luzatzeko aukera jasotzen da. Eltzia taberna-kafetegirako altzariak eta materiala erostea, Ulma taldeko bi kooperatiben ohiko batzar nagusiak Zubikoa kiroldegian egin ahal izateko eskaera edota Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako iaz onartu ziren hainbat dirulaguntzen zuritzea ere aztergai izango dira gobernu taldearen gaurko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!