Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztia arteko irisgarritasun plana osatu du Udalak
Kale Zaharra, Otadui zuhaiztia, Lizaur kalea, Unibertsitate etorbidea eta Aita Madina barnebiltzen dituen irisgarritasun plana landu du Udalak, oinezkoen segurtasuna hobetzeko, oztopoak kentzeko eta ibilgailuen zirkulazioa egokitzeko asmoz. Fase ezberdinetan gauzatuko den plana da eta lehen aktuazioa 2024an egingo da, Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruiz Barronek aurreratu duenez. Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztiko irisgarritasun planak epe motzeko, ertaineko eta luzeko esku hartze eta faseak bereizten ditu.
Espaloiak irisgarritasun arau eta neurrietara egokitzea, zoladurak berritzea, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkaleku gehiago egokitzea eta altuera maila aldaketa nabarmena duten lekuetan barandak edo alboko babesleak jartzea aurreikusten du, besteak beste, planak. Aldaketak ere proposatzen dira, ibilgailuen zirkulazio-norabidean eta aparkalekuetan.
Bereziki garrantzitsua da Otadui zuhaiztirako aurreikusten diren esku hartzeak. Oro har, oinezkoen pasealekua osorik berritzea proposatzen da, esku hartze integrala: bankuak lituzkeen lorategi bat jarriko litzateke oinezko bidearen ertz batean, zoladura bereizgarriko lerroak erabiliko lirateke orientazioa errazteko, ibilgailuen pasabideak egokituko lirateke oinezkoen babeserako, mugikortasun mugatua duten pertsonentzako aparkalekuak ugarituko lirateke eta autobus geltokia egokituko litzateke, besteak beste.
Urte berriarekin lehen faseko exekuzio proiektua lantzen hasiko direla aurreratu du Hirigintza batzordeburua Iñigo Ruizek baina zein eremu hartuko duen zehaztu gabe.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!