Kale garbiketako hiru pioi eta pioi gidari lanpostuetarako azterketa teorikoaren emaitzak argitaratu dira
Gaitegi berbera izaki azterketa teorikorako deialdi bateratu eta bakarra egin zen kale garbiketako hiru pioi plazetara eta pioi gidari plazara aurkeztu ziren 17 lagunei. Batzuk, gainera, bi lanpostuetarako eskaera egina zuten. Atzo goizean egin zen test erako proba teorikoa eta emaitzak arratsaldean argitaratu ziren. 10 lagun bakarrik aurkeztu ziren eta pioi lanpostuetarako 7k eta pioi gidaritarako bik gainditu dute proba. Emaitzak udalaren web atarian ikusgai daude eta erreklamazioetarako epea gaur ireki da, uztailaren 10a arte.
Era berean, hautagaiek gainditu beharko duten hurrengo azterketarako datak ere finkatu eta argitaratu dira. Azterketa praktikoa izango da bi kasuetan baina oraingoan berezituta: pioi plazarako azterketa uztailaren 18an eta pioi gidari plazarako, uztailaren 19an. Azterketa egunak jakinarazi dira baina ordua eta lekua datozen egunotan argitaratuko da udalaren web atarian.
Udalak abiatu dituen hautaketa prozesuen harira, esan bestalde, berdintasun teknikarien lan poltsa eratzeko deialdira aurkeztu eta onartu eta baztertu direnen behin betiko zerrendak ere argitaratu direla. 26 lagun aurkeztu ziren prozesura baina 5 baztertu egin dira, eskatutako formazioa ez egiaztatzeagatik edo tasaren ordainketaren ziurtagiria ez bidaltzeagatik. Udalak osatuko duen lan poltsan sartzeko azterketa teorikoa eta praktikoa gainditu beharko dute hautagaiek eta bi proba horiek egun berean, uztailaren 17an egingo direla jakinarazi da jada; azterketa teorikoa 9:00etan hasiko da eta praktikoa, 12:00etan. Biak, Kultur Etxean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!