Oñatiko udala

Kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatuko du larunbatetik aurrera

2016/09/28
Card image cap
9 langile berriren kontratazioa gauzatuko da datozen egunotan

  Urriaren 1a bereziki markatu dute udal ordezkariek aspalditik. Herri Egunarekin etorriko den horretan, urteetan azpi-kontratatuta egon den kale garbiketa zerbitzua Udalaren zuzeneko kudeaketara itzuliko da. Horretarako, hainbat ibilgailu eta tresna erosi dira baina aldi berean, langileak kontratatzeko bi hautaketa prozesu burutu dira: bat, 7 pioi kontratatzeko eta bestea, bi pioi gidari kontratatzeko.

  Lan Eskaintza Publiko hauei dagozkien azterketak eta lehiaketa faseak osatuta, epai mahaiak, 9 lagun kontratatzea proposatu dio Udalari, beti ere, prozesuan hautagaiek lortutako puntuazioa aintzakotzat hartuta. Puntuazio horiek udaletxeko iragarki taulan argitaratu ziren eta izangaiei 10 egun naturaleko epea eman zitzaien izendapena gauzatzeko beharrezkoak diren agiriak aurkeztu zitzaten. Hala, lehen langileak larunbatean bertan, urriaren 1ean hasiko dira lanean eta beste batzuk urriaren 10ean. Gogoratu bestalde, Lanbideren diru-laguntzaz, kale garbiketa zerbitzua indartzeko hiru pioi kontratatu zirela, orain egun gutxi dela.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!