Oñatiko udala

Kale garbiketa eta udal brigadako lau lanpostu betetzeko deialdia kaleratu du Udalak

2023/09/04
Card image cap
Brigadako pioi gidaria eta kale garbiketako bi pioi eta pioi gidari lanpostuetara aurkezteko azken eguna irailaren 28a da

  2022ko lan eskaintza publikoan onartu ziren lau plaza bete nahi dira: brigadako pioi gidaria eta kale garbiketako bi pioi eta pioi gidaria. Euskarari dagokionean, lehen hizkuntza eskakizunaren maila eskatzen da lau lanpostuetarako eta eskola graduko titulua, lanbide heziketa edo baliokidea, brigadan aritzeko, eta eskola ziurtagiria edo baliokidea, kale garbiketa zerbitzuan aritzeko. Gidarien kasuan C motako gidabaimena eta gidarien kualifikazio txartela eguneratua izatea eskatzen da eta brigadako pioi gidari plazara presentatzeko garabi-kamioiaren prestakuntza ere eskatzen da, gutxienez, 6 ordukoa. Kale garbitzaile zerbitzuan arituko diren bi pioiei ere gidabaimena izatea eskatzen zaie baina B motakoa soilik.

  Hautaketa prozesura aurkezteko 20 euroko tasa ordaindu behar da. Interesatuek irailaren 28ra arteko epea dute izena emateko, HAZ bulegoan edo udalaren erregistro elektronikoan sartuta. Baina izen-ematea edozelan eginda ere, eskaera orria betetzerakoan tentuz ibili eta guztiz osatzeko azpimarratu dute udaleko arduradunek: eskatutako datu guztiak beteaz, behar bezala sinatuaz, ordainketa eginez eta jarritako baldintzak eta merituetan adierazitakoak ziurtatzen dituzten agiriak eskaerari erantsiaz.

  Kale garbiketa zerbitzuan eta udal brigadan bete asmo diren lau plazetarako hautaketa, oposizio lehiaketaz egingo da. Hautagaiek azterketa teoriko-praktikoak eta gaitasun eta nortasun probak gainditu beharko dituzte eta euskara maila egiaztatzen ez dutenek, euskara azterketa ere bai. Lehiaketa fasean berriz, lan esperientzia, formazio akademiko gehigarria eta eskatutakoaren gaineko gidabaimenak izatea baloratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!