Kale argiteria diagnostikoa osatu du Udalak
Oñatiko energia planeko 7. puntuan, argiteria kontsumoa murrizteko kaleko argiterian teknologia berriak eta iraunkorrak txertatzea aurreikusten du Udalak. Horretarako, kale argiteriaren diagnostikoa egiten ari zirela aurreratu zuten udal arduradunek eta gaur, jada, diagnostikoa bukatu dela jakinarazi dute. Diagnostikoan, argiteria puntuen inbentarioa, puntu bakoitzaren koste azterketa, kontrol koadroen eguneraketa eta kale argiztapenaren analisi funtzionala egin da. Oñatin, 62 instalazio edo koadrotan, guztira 2.741 argi puntu daude eta %60 inguru LED luminariak dira.
Kontsumoari dagokionez, eta 2021eko fakturak eskutan, 997.131 Kwh kontsumitu ziren eta LED sistemara aldatu ez diren luminariak, kontsumo osoaren %65a dira, berez, argiteriaren %40a bakarrik diren arren. Kostuari erreparatuta, guztira 111.000 euro izan zen. Baina LED sistemara aldatu gabe dauden luminarien kontsumoa handia da, esan bezala, eta lan handirik egin gabe, lanpara bakarrik aldatuta, murriztu daitekeela ikusi dute udal arduradunek. Horixe da aurten egiten hasiko direna: aparteko lanik eskatzen ez duten 572 puntutan lanparak aldatu eta LEDekoak jarriko dira, kontsumoa % 20a murrizteko helburuz.
Lanparen aldaketa lanak planifikatzeko azterketa egingo da eta, besteak beste, aurrekontua zehaztuko da. Aurrekontu horren arabera erabakiko da lan osoa batean edo zatika egin. 2023ko udal aurrekontuetan argiteriarekin erlazionatutako partida ezberdinak daude: auzoetako eta kaleko argiteria publikorako 20.000 eta 100.000 euroko partidak daude, hurrenez hurren, eta energia jasangarrirako inbertsioetarako beste 250.000 euro.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!