Julio Sotoren eskutik jaso dituzte opariak Gaztelekuko XV. bertso-paper lehiaketako sarituek
Gaztelekuak eta Txinparta Bertso Eskolak antolatzen duten bertso paper lehiaketa 10 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adinaren arabera bi talde bereizten dira: lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak, batetik, eta bigarren hezkuntzakoak, bestetik. Guztira, 103 lan jaso dira aurten. XV. bertso-paper lehiaketako epai-mahaia Txinparta bertso eskolako lagunek osatu dute eta aurten ere lan handia izan dutela aitortu dute, aurkeztu diren lan ugarien artean zortzi sortarik hoberenak aukeratzea nekeza izan baita. Kategoria bakoitzean egin beharreko lana ezberdina izan da eta sari kopurua ere ezberdina: gaztetxoenen kategorian 5 sari eman dira eta nagusienen kasuan, hiru.
Gaztetxoenek bi bertso edo 4 kopla osatu behar izan dituzte eta aukeran, 3 gai: Korrika, gure zirkua eta txondorra. Lehenengo saria: June Romero eta Irati Egañak jaso dute, bigarrena Arete Azkue Agirrek eta Garazi Biain Urzelaik, hirugarrena Maddi Zubeldia Arresek, laugarrena, Intza Esnaola Osinagak eta bosgarrena Aisha Graña eta Izar Lukas bikoteak. Hiru ikastetxeetako ordezkariek jaso dute sariren bat eta aukeran zeuden gaiei buruzko bertsoekin. DBH eta batxilergo mailan berriz, lehenengo saria Etxahun Lizarralde Lensek eskuratuko du, bigarrena Irene Campagnoli eta Olaia Molinero bikoteak eta hirugarrena Libe Palacinek eta Aner Errastik.
Saridun guztiek Puntutaneko kamiseta bat jaso dute, bakoitzak aukeratutako bertso baten azken esaldiarekin, eta Oñatiko gaileta artisauak. Sariak Julio Soto, Nafarroako bertsolari txapeldunaren eskutik jaso zituzten, ostiral arratsaldean Gaztelekuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!