Jubilatu eta pentsionistek urteko lehen elkarretaratzea egin dute gaur eta pentsio duinak eskatzeko jarraituko dutela adierazi dute
Bi urte dira jada herriko pentsionistak astelehenero elkarretaratzeak egiten hasi zirela. Bi urteko tarte horretan Oñatin ez ezik, Donostian, Gasteizen edota Madrilen egin diren mobilizazioetan ere parte hartu izan dute. Gabonetako etenaren ondoren, gaur eguerdian plazan elkartu dira berriro, pentsio duinak eskatzeko. Eta datozen astelehenetan ere, 12:00tan, elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute. Aldi berean, urtarrilaren 30ean Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greban parte hartzeko asmoa azaldu dute. Bide horretan, herriko hainbat pentsionista aktiboki parte hartzen ari da grebaren prestaketan.
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek ostegunean erregistratu zuten ofizialki urtarrilaren 30erako greba orokorraren deialdia. Prekarietatearen kontra eta lanpostu, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko greba izango dela adierazi zuten sindikatuetako ordezkariek. Azken hamarkadan lan baldintzek eta pentsioek okerrera egin dutela eta lan baldintza, pentsio eta bizitza duin baten aldeko borrokan jauzi kualitatiboa egitea beharrezkoa dela esan zuten. Krisiaren aitzakian kendu diren eskubide sozialak eta lan arlokoak berreskuratzea aldarrikatzen dutela adierazi zuen Mitxel Lakuntzak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak.
Pentsiodunen, langileen, feministen eta ekologisten borrokak bateratzea da hilaren 30erako deitu den grebaren helburua. Oñatin, greba prestatzeko batzorde bat lanean ari da azken asteotan. Gaur bertan bilera irekia egingo du Antixena gaztetxean, 18:00tan. Informazioa jaso nahi duen orori, ekarpenen bat egiteko interesa duenari bertaratzeko gonbidapena egiten zaio. Eta han izango dira, besteak beste, herriko pentsionisten mugimenduko hainbat ordezkari ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!