Joxerra Txintxurretaren argazki batek uztaileko orria irudikatuko du Aldundiaren 2025ko egutegian
Gipuzkoa 1000 urte lelo nagusiaren harira, Gipuzkoa mila paisaia, mila ohitura, mila istorio gaia zehaztu zuen Foru Aldundiak datorren urteko egutegia irudikatzeko argazki lehiaketa deitu zuenean. Irailean zehar aurkeztu behar ziren lanak eta guztira, 272 egileren 644 argazki jaso ziren; Gipuzkoako txoko eta leku ezberdinetako argazkiak. Aukeratutako gaiarekin eta argazkien bitartez lurraldearen balioak transmititu nahi ditu Aldundiak.
Epaimahaiak lanen kalitate artistikoa, teknikoa eta gaiarekiko interpretazioa baloratu ditu eta edizio honetako maila tekniko eta sortzailea oso altua izan dela nabarmendu du. 20 argazki hautatu ziren lehenik eta egutegian azalduko diren 13ak, ondoren. Azalean, Jose Angel Amuchasteguik Arantzazun ateratako argazkia ikusiko da, Arantzazuko elizara sartzeko dauden alboko eskailerak jaitsi eta dagoen beirate koloretsua islatzen duen argazkia, alegia. Egileak, 1.000 euro eramango ditu sari gisa.
Beste 12 argazkiek berriz, hilabete bakoitza irudikatuko dute eta egileek 250na euro jasoko dituzte. Horietako bat, uztaila irudikatuko duena, Joxerra Txintxurretaren argazkia da, Zeraingo Aizpeolan ateratakoa, hain zuzen. Hiru argazki aurkeztu zituen Txintxurretak lehiaketara, bat Oñatin ateratakoa eta beste biak Zerainen; azken horietako bat aukeratu du epaimahaiak.
Ez da lehen aldia Joxerra Txintxurretak lehiaketa honetan parte hartzen duela eta ez da lehen aldia ere ez, saritu eta bere argazkiren bat diputazioko egutegian argitaratzen dela, laugarren aldia-edo badela esan digu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!