Oñatiko udala

Joseba Arregi oñatiarra Euskal Herrira hurbilduko liratekeen lehen presoen artean legoke

2018/06/28
Card image cap
Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hurbiltzeko asmoa azaldu zuen Sanchez presidenteak atzo, bestelako zehaztasunik eman gabe

  Diputatuen Kongresuan, baina kazetariekin izandako elkarrizketa informal batean jakinarazi zuen Pedro Sanchezek euskal presoak hurbiltzeko eman asmo duen lehen urratsa: gaixo daudenak eta 70 urtetik gorakoak lirateke espetxez aldatuko lituzketen lehenak. Preso bakoitzaren kasua banan-banan aztertuko dutela berretsi zuen Espainiako presidenteak eta azterketa horretarako oinarri, espetxeetako tratamendu batzordeek preso bakoitzari buruz egingo dituzten txostenak izango direla zehaztu zuen. Baina ez zuen bestelako xehetasunik eman ez kopuru edo eperik,  aurretik lan tekniko handia egin behar dela aipatu zuen soilik.

  Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteen informazioaren arabera, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten ia 25 preso leudeke nahiz eta hamarren datuak soilik diren publiko, gainontzekoek anonimo jarraitzea erabaki baitute. 70 urte baino gehiago duten presoak berriz, hiru lirateke, tartean, Joseba Arregi oñatiarra. Josebak 72 urte bete zituen martxoaren 27an eta 26 urte daramatza jada preso. Egun, Alacanteko Villena espetxean dago, Oñatitik 780 Km-tara.

  Espetxe politika aldatzeko babesa eskatu zion Sanchez presidenteak atzo Espainiako parlamentuari baina PPk gogor erantzun zion, EAJk emandako babesaren truke ari zela argudiatuta.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!