Oñatiko udala

Joseba Arregi kartzelara itzularazi dute, bigarren aldiz

2023/04/19
Card image cap
Gradu erregresioaren kontrako manifestazioa deitu du Oñatiko Sarek ostiral arratsalderako

  Joseba Arregi Martuteneko espetxera atzo itzularazi zutela jakinarazi du Etxerat elkarteak, orain egun gutxi onartu zitzaion gradu aldaketari fiskaltzak jarritako helegitearen ondorioz. Arregi hirugarren graduan sailkatzeko Justizia Sailak hartu zuen erabakiaren aurka jo zuen fiskaltzak, errekurtsoa jarriz. Epaileak errekurtsoa ebatzi bitartean oñatiarra kartzelara itzularazi du Auzitegi Nazionalak.

  Arregiren adina, 77 urte ditu, izan da Eusko Jaurlaritzak bereziki azpimarratu duena oñatiarrari hirugarren gradua emateko. Hala, pasa den astean kartzelatik irten zen baina atzo berriro itzuli behar izan zuen eta bigarren graduan dago berriro, fiskaltzaren helegitearen ondorioz. Izan ere, orain hilabete batzuk nagusitu zen neurriaren arabera, helegitea jartzea nahikoa da presoa kartzelara itzularazteko, epailearen onarpenaren zain egon gabe.

  Bigarren aldia da Arregik gradu erregresioa jasaten duela. Iazko otsailean hirugarren gradua jaso zuen tratamendu-batzordeak proposatuta eta, orduko hartan, fiskaltzaren errekurtsoaren izapideak zortzi hilabetez luzatu ziren, Auzitegi Nazionalak presoa bigarren gradura itzuli eta espetxera itzularazi zuen arte. Joseba Arregi Erostarbek 77 urte ditu eta horietatik 31 pasa ditu kartzelan. Zigorraren hiru laurdenak 2019ko ekainean bete zituen.

  Gertatutakoa salatzeko manifestazioa deitu du Oñatiko Sarek ostiral arratsalderako. Gradu erregresiorik ez! lemapean egingo den manifestazioa plazatik abiatuko da, 19:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!