Oñatiko udala

Jose Maria Sauca Cano bilbotarra da Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berria

2024/09/18
Card image cap
Ikerlari-irakasleak 2026ko irailera arte beteko du kargua

  Jose Maria Saucak Zuzenbidea gradua eta Europar zuzenbideko postgradua Deustuko unibertsitatean egin zituen. Ondoren, zuzenbidearen filosofia doktoretza ikasketak burutu zituen Madrilgo Carlos III. unibertsitatean. Bere doktore lanak unibertsitatearen sari berezia eta Nicolas Perez Serrano politika eta konstituzio ikasketen zentroak emandako sari nagusia eskuratu zituen. 1997az geroztik zuzenbidearen filosofia irakatsi du doktoratu zen Carlos III.a unibertsitatean bertan.
2015ean katedratiko bihurtu zen eta hainbat unibertsitatetan ikerlari bisitari izan da: Oxford-en, Quebec-en, Bordelen eta baita Oñatiko Lege Soziologia Institutuan ere, besteak beste. Europa eta Latinoamerikako zenbait unibertsitatetan aritu da irakasle gonbidatu gisa.

  Sauca Canoren ikerketa-esparru nagusi dira, asoziazionismoa eta gizarte zibila; giza eskubideak; identitatearen garrantzi politiko-juridikoa; legalitatearen kultura eta teoria konstituzionala. Lege Soziologia esparru zabal, dinamiko eta kritiko moduan ikusten du, eta zuzenbidea gizarte fenomeno gisa garatzen duen oinarria dela deritzo; gizartean parte hartzen duten norbanako eta taldeak, gertatzen diren eraldaketa prozesuak eta horien ondorioak modu enpiriko batean aztertzeko oinarrizko tresna gisa ulertzen du Lege Soziologia.

  Oñatiko Lege Soziologia Institutuarekin aspalditik du harremana Jose Maria Saucak eta tarteka ikastaroak ematera etorri da, esan bezala. Orain, Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa da eta zeregin horretan arituko da datozen bi urtetan, 2026ra arte. Aldi berean, irakasle-ikertzaile izango da Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioan eta ikertzaile-ospetsu Euskal Herriko Unibertsitetean. Sauca Canok Sabine Frerichs alemaniarraren lekukoa hartu du eta Oñatiko Lege Soziologia institutuak duen 20. zuzendari zientifiko bihurtu da.

  Egun hauetan master ikasleen tesi-defentsa ezberdinak egiten ari dira unibertsitate zaharrean baina 2024-2025 master ikastaro berria hastear dago. Datorren astelehenean, hilaren 23an hasiko da kurtso berria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!