Jose de Azpiazu musika eskolakoak Cambrilsera joango dira asteburuan
Izan ere, pandemiak etendako asteburu-irteera hauek iaz berreskuratu zituzten baina aurrez joan behar zuten ikasleei lehentasuna emanda. Bi urtean behin egin ohi dituzten irteerak dira eta berez, 2024an tokatzen zen baina ikasleek aurten joatea eskatu dute, eta gurasoek eta irakasleek onartu egin dute. Cambrilseko musika eskolarekin harremanetan jarrita, udaberriko ospakizun eta ate ireki jardunarekin uztartu eta oporrak hartu aurreko programazioan txertatu dituzte oñatiarren bisita eta emanaldiak. Cambrilseko alkatearen eskariz, gainera, inaugurazio ekitaldi batean ere joko dute Oñatiko musikari gazteek.
49 ikasle eta 7 irakaslek egingo dute Kataluniarako bidaia hori. 2019an hasitako bideari jarraipena emanez, musika eskolako ikasleei parte hartzeko gonbidapena egin zaie DBH-2n edo gorako mailetan dauden ikasleei eta autobusa osatzeko, DBH-1ekoei ere bai. Ondorioz, musika tresna barietate handia erakutsiko da Cambrilsen: txistu taldea, akordeoi taldea, triki-konbo taldea eta triki-pandero taldea arituko dira.
Ostiralean, goizeko 7:00etan abiatuko da autobusa Oñatitik, Cambrilsera bazkaltzeko iristeko. Deskantsurako tarte txiki bat hartuta, 18:00tan kontzertua eskainiko dute Posit parkean. Larunbata Port Aventuran emango dute oñatiarrek eta domekan, itzulerako bidaiari ekin aurretik, bigarren kontzertua edo kalejira eskainiko dute portu aldeko kaleetan barrena, 12:00tan. Cambrilsetik bazkalosteak irtengo dira, iluntze-gauerako Oñatira iristeko.
Cambrilseko udala eta bertako Escola municipal de musicaren laguntza dute Jose de Azpiazu musika eskolako kideek Kataluniara egingo duten bidaia honetan, bereziki Cambrilsen eskainiko dituzten kontzertuetarako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!