Oñatiko udala

Jose de Azpiazu musika eskolako 17 ikaslek parte hartuko dute Debagoienako Piano Topaketan

2025/02/21
Card image cap
Arrasateko Juan Arzamendi Musika Etxean izango da, bihar goizean

  Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze eta Legazpiko piano ikasleen topagune bihurtuko da Arrasate bihar. Garai honetan Andoainen egin ohi zen piano jaialdiaren faltan, eskualdeka elkartu eta jende aurrean jotzen ohitzeko entzunaldi bateratuak egitea erabaki zuen Musika Eskolen Elkarteak, tokian tokiko udalekin elkarlanean. Horrela, Andoaingo jaialdiaren aurretik jada egiten ziren eskualde mailako piano topaketak berreskuratu ziren orain bi urte. 2023an Oñatin egin zen, iaz Bergaran eta bihar, berriz, Arrasaten egingo da.

  77 ikaslek parte hartuko dute Juan Arzamendi Musika Etxean izango den topaketan. Jaialdia 9:30etan hasi eta 14:00ak arte luzatzea aurreikusten da. Adinka berezitu dira ikasleak eta txandaka joango dira eskolan prestatutako doinuak jotzen. Mota ezberdinetako konposizio lanak eskainiko dira, ikasmailaren arabera zailtzen joango direnak, eta, tarteka, bikoteka eskainitako lanak ere entzun ahal izango dira. Bakoitzak pieza bana joko du. Parte hartuko duten 77 ikasle horietatik 17, Jose de Azpiazu musika eskolakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!