Jose de Azpiazu musika eskolako 16 ikaslek parte hartuko dute Debagoieneko piano jaialdian
Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Soraluze eta Bergarako piano ikasleen topagune bihurtuko da Bergara, igandean. Garai honetan Andoainen egin ohi zen piano jaialdiaren faltan, eskualdeka elkartu eta jende aurrean jotzen ohitzeko entzunaldi bateratuak egitea erabaki du Musika Eskolen Elkarteak, tokian tokiko udalekin elkarlanean. Bergaran ez ezik, Azkoitian, Legazpin, Durangon, Astigarragan eta Lezon piano-ikasleen emanaldiak egingo dira asteburuan. Horrela, Andoaingo jaialdiaren aurretik jada egiten ziren eskualde mailako piano topaketak berreskuratu dira. Iaz Oñatin egin zen eta aurten, domekan, Bergaran egingo da.
71 ikaslek parte hartuko dute domekan Seminaixoan izango den topaketan. Jaialdia 9:30etan hasi eta 14:00ak arte luzatzea aurreikusten da. Adinka berezitu dira ikasleak eta txandaka joango dira eskolan prestatutako doinuak jotzen. Mota ezberdinetako konposizio lanak eskainiko dira, ikasmailaren arabera zailtzen joango direnak, eta tarteka, bikoteka eskainitako lanak ere entzun ahal izango dira. Bakoitzak pieza bana joko du. Guztira 71 ikasle arituko dira eta 16 Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleak dira.
Bergarakoa ez da asteburuko piano topaketa bakarra izango eta, guztira, 450en bat ikasle izango dira han eta hemen egingo diren jaildietan parte hartzen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!