Jai kontuak eta dirulaguntzak nagusi izango dira gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran
Ohikoa izaten da gurean iraileko Osoko Bilkura aurreratu eta hileko hirugarren ostegunean egitea; hala gertatuko da oraingoan ere, gaur egingo baita. Gaiei erreparatuta jai kontuak nagusi izango dira, hainbat herri eragileri jaietako ekintzak gauzatzeko dirulaguntza zuzena ematea proposatuko baita. Bide batez, 2024rako Oñatiko jaieguna izendatzea eztabaidatuko da. Datorren urtean San Migel eguna domekarekin etorriko denez, irailaren 9a, Arantzazuko Amaren eguna, herri mailako jaiegun izendatzea proposatuko zaie udalbatzako kideei.
OKKE, Oñatiko Kale Katu Elkartearekin lankidetza hitzarmena egitea ere proposatuko da. Katuenganako sentsibilizazio berezia duten hainbat herritarrek osatzen dute OKKE elkartea. Kaleko katuen ongizatea bermatzea du elkarteak helburu eta horrekin bat egiten du Udalak, baita katuen ugalketa kontrolatzeko beharrarekin ere. Lankidetza hitzarmena egingo da OKKE elkartearekin, katu-kolonien kontrola eta jarraipena egin dezan dirulaguntza zuzena emanez. Hori da behintzat arratsaldeko Osoko Bilkuran proposatuko dena, hitzarmenaren oinarri nagusiak azaltzearekin batera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!