Jabetze eskolako hiru tailer bertan behera utzi dira, gutxieneko taldea osatu gabe
![Card image cap](https://www.xn--oati-gqa.eus/eu/berbia/albisteak/jabetze-eskolako-hiru-tailer-bertan-behera-utzi-dira-gutxieneko-taldea-osatu-gabe/@@images/b77deb97-ab89-4f6f-86dd-12f218d4c066.jpeg)
Ostiralean itxi zen Jabetze eskolako negu-udaberriko ikastaroetan izena emateko bigarren epea. Luzatu arren, hiru taldetan ez da gutxieneko partaidetza bildu eta bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek; Jeloskortasuna bikote harremanetan, autodefentsa feminista eta feminismoa ez feministentzat egun bakarreko tailerrak dira bertan behera utzi direnak. Aurrerago berriro eskaintzeko asmoa dago.
Barrez lehertzen umore tailerra bihar egingo da, goiz eta arratsaldez, Eltzian, eta hasteko falta diren beste bi talde, datozen egunetan abiatuko dira; Amak tribuan otsailaren 27tik aurrera jarriko da martxan eta Gizonak parekidetasunerantz gizonentzako foroa, otsailaren 19an. Azken honek gainera, foro ireki moduan funtzionatuko du eta edonoiz izango da bertaratu eta parte hartzeko aukera, nahiz eta, hasieratik batzearen egokitasuna azpimarratu.
Gizonak parekidetasunerantz hausnarketa foroa ez da berria gurean; elkargune hori finkotasunez martxan jartzeko saio antolatuak egin ziren iaz, aurretik, gaiari buruzko ikastaroak egin eta gero. Halakoetan inoiz parte hartu duten gizonezkoak, eta sekula aritu ez direnak, gonbidatzen dira gizonak parekidetasunerantz foro irekira, beti dagoelako gai edo jarrera ezberdin bati buruz hausnartzeko aukera eta beharra. Gizonentzako foro irekia hiru astean behin elkartuko da, asteazkenetan, otsailaren 19tik aurrera; San Juan kaleko 5ean dagoen udal lokalean (17:30-20:00).
Iturria: Oñati Irratia
![](/++theme++oinati-theme/img/i_harpidetu.png)
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!