Jabetze eskolako hiru ikastarotan izen-ematea luzatu da, ostiralera arte
Igandean amaitu zen Jabetze eskolako negu-udaberriko ikastaroetan izena emateko epea. Hiru taldetan lekua badago oraindik eta, ondorioz, izen-ematea ostiralera arte luzatzea erabaki du Berdintasuna udal departamentuak.
Chi kung; autoestima eta ahalduntzea, arrazakeriaren aurkako genealogia feministak irakurle taldea; menopausiarekin bueltaka; plazerra, desioa eta jolas eta banandutako emakumeentzat osatze eta ahalduntze tailerretan gutxieneko partaide kopurua bildu da eta iragarritako egunetan martxan jarriko dira. Lehena hasten, datorren astelehenean, autoestima eta ahalduntzea 16 orduko ikastaroa izango da. Baina Ipuinak emakumeon jabetze tresna; migrazio dolua eta amatasuna 360º ikastaroetan ez dira gutxieneko taldeak osatu oraindik, eta izena emateko aukera luzatu da, ostiralera arte, esan bezala.
Ipuinak emakumeon jabetze tresna ikastaroa, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak gidatuko du eta otsaila eta martxoko 8 asteartetan emango da, 18:00etatik 20:00etara. Migratu duten emakumeei zuzendutako espazioa sortze aldera eskaini zen migrazio dolua ikastaroa. Lau larunbat goizetan egingo da, otsailaren 10ean, martxoaren 16an, apirilaren 6an eta maiatzaren 4an eta Silvia Zuñiga izango da dinamizatzailea. Bereziki erditu berri diren emakumeei zuzenduta bestalde, amatasuna 360º sei orduko tailerra antolatu da; otsailaren 20, 27 eta martxoaren 5 eta 12an egingo da, 10:00etatik 11:30etara. Hiru ikastaro eta tailer hauetan parte hartzeko izena eman daiteke oraindik, www.oñati.eus atarian zintzilikatu den formularioa beteta edo etxeetara banatu ziren liburuxken atzealdeko orria bete eta udaletxera, HAZ bulegora eramanda. Ostiralera arte jasotzen diren inskripzioen arabera erabakiko da ikastaroak martxan jarriko diren edo hurrengo batera uzten diren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!